eu / es


 

Zer da Tokiko Agenda 21?

Egin dezagun historia pixka bat: 1992an, Nazio Batuen Erakundeak Ingurumen eta Garapenari buruzko Konferentzia antolatu zuen Rio de Janeiron, eta bertan mundu guztiko 173 gobernuk Agenda 21 izeneko ekintza-plana onartu zuten XXI. mendean aurrera eramango den garapena jasateko modukoa izan dadin, baliabide naturalak errespetatuko dituena eta ez agortu edo suntsituko dituena.

Hasiera-hasieratik oso garbi ikusi zuten Agenda 21 sinatu zuten agintariek herritarrengana iristeko oso garrantzizkoa zela tokian tokiko administrazio eta agintariekin elkarlanean aritzea, hauek direlako herritarrengandik hurbilen daudenak, eta hauek direlako garapen jasangarriaren alde herritarrak sentiberatzen eta mugiarazten lan eraginkorrena egin dezaketenak.

Rio de Janeirokoak lehenengo harri garrantzitsua jarri zuen, gero hura osatuz joateko beste ekarpen axolazko bat egin zen Aalborg-en (Danimarka. 1994), hiri jasangarriei buruzko Europako Konferentzian. Hona Aalborgeko Gutun-etik hartutako aipu bat, ingurumen jasangarritasuna esaten dugunean zer esaten ari garen azaltzen duena:
" ... Ingurumen jasangarritasunak baliabide naturalak babestea esan nahi du. Honek esan nahi du ezin ditugula baliabide naturalak, ur eta energia berriztagarriak kontsumitu, berriz sortzeko gaitasuna dugun neurrian baino, eta baliabide ez berriztagarrien kontsumoaren erritmoak, berriz, ez du izan behar baliabide berriztagarri iraunkorren ordezkatze-erritmoa baino azkarragoa. Era berean, ingurumen jasangarritasunak esan nahi du aireratzen diren gai kutsatzaileen kopuruak ez duela izan behar aireak, lurrak eta urak gai horiek xurgatu eta prozesatzeko duten gaitasuna baino handiagoa.

Ingurumen jasangarritasunak berekin dakar gainera dibertsitate biologikoa, osasun publikoa, airearen kalitatea, urarena eta lurrarena gizakion bizitza eta ongizatea ziurtatzeko adinako neurrian babestea eta zaintzea... "

Aalborgekoari Lisboakoak eman zion segida 1996an, eta honi jarraipena Finlandiako Turku-n egin zenak 1998an; eta harrezkero, Sofian (Bulgaria), Sevillan eta 2000an Hannoverren egindakoek. Kate honek jarraituko duen itxura guztia du gainera.

 

Garapen Iraunkorra

Udalsarea21